Inicio Sociedades Gastronómicas

Ikasbide Elkartea

Ikasbide Kultur Elkartea

Ikasbide aintzindaria izan da auzoan euskal kultura munduan, euskal kulturaren zenbait alorretan, bederen. 1967. urtean sortu zuten garai hartako hainbat euskaltzalek, haietako batzuk oso ezagunak. Ikastola sortzea zen orduko lehenengo helburua baina horretarako Elkarte bat sortu behar zen eta aldi berean auzoko parrokiaren baimena baita ere eskola eman ahal izateko. Beraz, Ikasbide izan zen Amara Berriko lehenengo Ikastola. Baita ere esan beharra dago garai horretan Santo Tomas Lizeoak Olazabal Pasealekuan gelaren bat ere bazuela.

Bestaldetik, bazen auzoan mendizale elkarte bat Club de Montaña Donostia izenekoa, hau ere 1965 aldera sortua. Talde honen helburua, mendiaren zaletasunaz gain, euskal ohitura, antzerkia eta euskara suspertzea ziren.

Beraz, Ikasbide sortu zenerako, bazegoen auzoan nola halako euskal giroa, gero eta sendoagoa, gero eta zabalagoa. Esan behar da bestalde, garai hura, hau da, 60. hamarkada, oro har, hamarkada aberatsa gertatu zela euskal alorrean Euskal Herri guztian. Sufritzen ari ginen diktadurak ezin izan zuen euskal uholdea geratu eta era guztietako mugimenduak sortu ziren. Gogora dezagun apaizen karta famatua eta sortu zuen iskanbila musika aldetik; Ez Dok Hamairuren sorrera, Arestiren poesia sozialak, Harri eta Herri protesta poesiak, kantautoreen erauntsia, nobelaren modernizatzea eta abar, eta batez ere Ikasbide gogoratuz, ikastolen sorrera. Hor eta testuinguru horretan kokatu behar dugu Ikasbide Kultur Elkartearen sorrera.

Ikasbide Ikastolako guraso, irakasle, ikasle eta inguruko jendeari esker Amara Berri auzo honetan lehengo festak sortu ziren San Juan egunaren inguruan. Nork ez ditu gogoratzen Soldadu Plazan antolatutako txabol-sotoan egiten ziren sardin jateak? Baita ere zezentxoak, ikastolako haurrek eskainitako antzerkiak, haurrentzako margo lehiaketak eta abar.

Baina Ikasbide esatea, Amara Berri auzoarentzat, askoz gehiago izan da. Bera izan da hasiera-hasieratik euskal ohituren sostengatzaile, zabaltzaile eta eragile. Hasiera-hasieratik, kezka honi jarraituz, Olentzero, antolatu zuen Gabonak inguruan, Santa Ageda, otsailean, San Juan bezperako ekintzak ekainean eta gaur egun bitarte dirautenak.

1986ean azken ikasturtea izan zen ikastola bezala eta ikasleak Jose Maria Salaberria plazako udalarena zen eraikuntza batera pasa ziren. Ikastolak publifikatzeko bidea hartua zuen.

Momentu horretan hasten da Ikasbide Kultur Elkartearen arlo berria. Bazkideek ordurarte ekintza nagusia izan zena, ikastola, alde batera utzirik elkarteari bira bat ematea erabaki zuten. Estatutu berriak sortu, egoitza guztiz berritu zen, ekintza kulturalak, hitzaldiak, bilerak egiteko gelak egokitu ziren eta txoko gastronomiko bat ere egin zen.

Elkarte honen helburu nagusiak ere, lehengoaren antzekoak dira: euskara, euskal ohiturak, euskal nortasuna, eta honen inguruko ekintzak: euskal kantuak, euskal dantza, trikitixa eta panderoa, egur lanketa, hitzaldiak, mendizaletasuna, sukaldaritza, txistua, dultzaina, iñude eta artzaien konpartsa, danborrada ere sortu da indar handiz eta ilusioz beterik. Bertan badugu lekua dena eta gehiago egiteko.

Auzoa izugarri handitu eta zabaldu da. Ikasbide Kultur Elkartea hor dirau. Eta azken hausnarketa gisa: lortu al ditu elkarteak hasierako helburuak? Erantzunak argi-ilunak ditu. Garai batean amesten genuen auzo euskalduna, oraindik egiteko dago, ez dakigu egin daitekeen ere, ez dakigu zenbat busti garen eginkizun horretan, ez dakigu zenbaterainoko ahalegina egin dugun gure euskara eta euskal kultura biziberritzeko. Horretarako sortu ginen eta ahalegin horretan jarraituko dugu.

Si crees que la información aquí mostrada no es correcta, que sobran o faltan datos, no dudes en comunicárnoslo haciendo clic aquí.

Patrocinan:
ICAN Navarra
Casa de las Labores
Cafés Aitona
Leche Gurea de Kaiku